Auzoari buruz

Zamalbide Errenteriako auzoa da, Astigarraga eta Errenteria arteko mendialdean kokatuta dago, Bizarain (San Marko) eta Txoritokieta mendi-multzoaren Ekialdeko hegi zabaletan, eta hainbat baserri eta etxek osatzen dute. Bada bertan eliza bat inguruko baserritarren bilgune izan dena urte askotan, eta baita izen bereko jatetxea eta baserri dotorea.

Bertan, Orereta ikastolak eta Oiartzo institutuak beraien eraikin nagusiak dituzte. “Tknika” teknologia-zentroa ere bertan kokatzen da. Auzo honetan, era berean, hilerri publiko eta pribatu (Zentolen izenekoa) bana dago.

Zamalbide auzoan lau gune bereizten dira, Zentolen gunea, San Marko gunea, Zamalbide gunea eta Aldura gunea.

Bentak Astigarragako auzoa da, Errenteria eta Astigarraga arteko mugan dagoena, hainbat baserri eta etxe biltzen ditu. Bazen bertan jatetxe bat, gaur egun itxita dagoena, Perurena izenekoa, eta hala deitzen dio ondorioz kanpoko jende askok auzoari. Garai batean Hernani aldetik Irun aldera joaten zen errepide nagusiko geltokia izan zen eta hainbat mendetan bertan egondako bentatik datorkio izena («Venta del Camino Real de Coches»). Badirudi «Intsusagako Benta» zela bere aurreko izena, baina inork gutxik ezagutuko luke gaur egun izen horrekin. Gaur egun ere bidegurutze izaten jarraitzen du inguruko herrien arteko errepide sarean: bertan elkartzen dira Oiartzun, Errenteria, Astigarraga eta Aiako Harriko parke Naturalera joateko errepideak.

Aipatutako jatetxeaz gain bada bertan frontoia, AUZOLAN frontoia, auzotarrek auzolanean eraikitakoa eta orain pilotazale eta pala jokalariei eskaintzen zaiena, bazkide eginez, eta bertako elkarte gastronomikoaren egoitza dena. Astigarrako Bentatik Hegoaldera joz gero, bi jatetxe topatuko ditugu lehenengo, Frantsilla Zahar eta Frantsilla Berri, eta «Mugaritz» jatetxea ondoren, Andoni Luis Aduriz sukaldariarena, Santiomendira joateko bidegurutzearen bazterrean. Errepidean gora eginez gero Egiluze sargardotegia aurkituko dugu eta Liztorreta eta Barrengoloia aisiguneak. Azken honen inguruan erabilera publikoko zalditegi bat dago, Landarbasoko leizeak eta Aiako Harriko Parke Naturaleko sarbidea, informazio bulego txiki bat aldamenean duela. Gora jarraituz gero, Susperregi jatetxe berrira helduko gara porlanezko aldapa gogor baten ondoren, eta handik, Malbazarrera igo eta Aldura eta Urdaburuko tontorrak eta Añarbeko urtegia ditugu eskura. Astigarragako Benta, beraz, bidegurutze ez-ezik, Errenteriako mendigunerako sarbide nagusia ere bada.