Festak

Auzoan hainbat jaiegun ospatzen dira: San Marko eguna, Zamalbide Bentak auzoko festak eta San Isidro eguna.

SAN MARKO EGUNA apirilak 25an bada ere, erromeria ondorengo edo aurreko igandean ospatzeko ohitura dugu. Erromeria Bizarain mendian dagoen San Markos gotorleku inguruetan egiten da. Udalak, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, familia guztiarentzako egitarau zabala prestatu ohi du giro herrikoiean gozatzeko: hainbat postu egoten dira taloak, gazta eta bestelako jaki eta edariak eskaintzen, artisauak, musikariak, dantzariak…

AUZOKO FESTAK

Auzoko festak San Isidro egunaren inguruan izaten dira, hau da, baserriatarren egunaren aurreko edo ondorengo asteburuan.

Larunbateko eguna haur eta gazteen eguna izan ohi da. Txupinazoarekin hasten da eguna eta goiz osoan zehar haur-jolasak eta puzgarriak izaten dira Auzolan frontoian. Gazteekin herri-kirol lehiaketa antolatzen da.

Ondoren, elkartzen diren haur eta gazte guztientzat bazkaria doan izaten da Auzolan Elkartean.

Arratsaldean Mus txapelketa izaten da helduentzako eta gazteentzako hainbat ekintza antolatzen dira: magoa, ipuin kontaketa edo ihes gela. Eta ondoren, eguraldi ona izanez gero, apar-festa, eta ez bada horrela, karaokea.

Haurren eguna txokolatada batekin amaitzen da. Baina gazte eta ez hain gazteentzako afari herrikoia izaten da musikarekin girotua.

Igandea berriz jubilatuen eguna izaten da. Meza ondoren salda eta bertsolariak izaten dira auzoko lokalean. Ondoren, jubilatuen omenaldiko bazkaria izaten da bertsolariekin girotua Auzolan Elkartean. Eta arratsaldean, herri-kirolak edo pilota partida Auzolan frontoian.

SAN ISIDRO EGUNA

San Isidro eguna maiatzak 15a da, Zamalbide-Bentak auzoa landa eremuko auzoa izanda, baserritarren eguna ospatzen da bertan. Programa antzekoa izaten da urtero:

11:45 San Isidro zaindariaren ibilaldia elizaren inguruan.
12:00 Herri-meza.
13:00 Salda eta bertsolariak Perurenako auzoko lokalean (frontoiko goiko aldean).
14:00 Lagun arteko bazkaria Auzolan Elkartean.
18:00 Idi probak. Idi parea, 2000 kiloko harriarekin pisu librean. Sarrera doan.